XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen aldeko egitasmoak helburuetan eta bitartekoetan tinko eta aberatsa izan behar du giza garapenak dituen bi zutabeak ondo finkatu ahal izateko:

- euskaldunaren eguneroko bizitza euskaraz egitea erraztuz

- erdaldungoaren euskalduntzeari ekinaz

Goazen, bada, puntuz puntu azaltzera:

- Erasoak eraso eta arazoak arazo, EAJk garbi du hizkuntza baten etorkizunari eta erabilerari bertako hiztunen jarrerek eusten diotela.

Hizkuntza bat ez delako desagertzen hiztunek eguneroko bizitzan erabiltzen badute eta jasotako makila ondorengoei ematen asmatzen badute.

Egitasmorik aberatsenak, berak ere, porrot egin dezake, edota porrotaldira emana jaioko da, belaunaldi batek hurrengoari hizkuntza ukatzen badio.

Euskaldungoak sendo eutsi beharko dio euskararen erabilerari, gutxienez betidanik bereak izan dituen esparruetan: familiarteko harremanak, lagunartea, herri mailako elkar bizitza.

Euskarak ezin dezake galdu bere-berea izan duen erabilera eremu hau, azken batez, maila horretako erabilera dela medio, heldu bait da geureganaino.

Arlo honi eta ikuspegi honetatik eskaini behar litzaioke bere horretan erabateko lehentasuna.

Euskararen sustapenerako egitasmoak lehen mailako helburua izan beharko du hiztunen hizkuntzarekiko leialtasunari eta zintzotasunari eustea eta bere eguneroko bizitzako esparru guztietara zabaltzea.

- Bigarren zeregin nagusiari ekinaz, honako hau esan behar da: euskaraz ez dakiten herritarrei, eta batez ere belaunaldi berriei, beharrezko baliabideak eskaini behar zaizkiela, euskaraz bizitzeko aukera askatasunean euregana dezaten.

Euskararen erabilera oinarrizko eskubidea bada ere, kontuan hartzekoa da, badela eskubide hori ezarketa edo berezikeria-tzat jotzen duen biztanle multzoa ere.